Nafarroako Rural Kutxaren babesarekin eta Olaberriako udalak antolaturik, hostozabal zuhaitzez osatutako basoen kudeaketari buruzko hitzaldian parte hartu genuen pasadan ostiralean.
Ugaritzen ari dira era honetako basoak Goierriko eskualdean eta gero eta gehiagok hausnartzen dute berauen ezarpena. Baina gehienetan, berauen kudeaketaren oinarriak ez dira ezagutzen. Oinarri horiek azaldu ziren publiko zabal eta anitzari eskainita.
Gipuzkoako Baso Elkartearen eskutik, eskualdean baso mota hauek egun duten banaketa eta azken urteetan izan duten bilakaera aztertu ziren lehenik. Gero, mota honetako basoen ezaugarri garrantzitsuenak aztertu eta horien araberako basogintza oinarri batzuk azaldu ziren Basoa Fundazioaren eskutik. Azkenerako, Gipuzkoako Foru Aldundiak era honetako basogintzak aurrera eramateko eskaintzen dituen diru-laguntzak eta Gipuzkoako Baso Elkarteak eskaintzen dituen jabeentzako laguntzak azaldu ziren.
Behin era honetako basoen kudeaketari buruzko ardatz nagusiak ikusita, jardunaldi praktiko bat eskaintzea proposatu zen. Basogintza mota hau noiz, nola eta zerekin ezarri, basoan bertan azalduko duena. Ekainean izango da, Olaberria bertako lur jabetza batean.