USSErekin batera eta UPV/EHUren uda ikastaroen barne, 2022ko uztailaren 11 eta 12an, konifero landaketei buruzko ikastaroa burutu berri dugu. Ikastaro honek, sekulako arrera ona izan du. Ikerketa, lan esparru eta gizarteko arlo desberdinetan erakargarritasun handia piztuaz, era guztietako ordezkari ugari gerturatu zaizkigu.

Lehen egunean alor generikoagoak landu ditugu. Koniferoei buruzko azterketa zabala bai, baina orokorragoa. Honela, lehen eguneko jarduna, konifero zuhaitzen garapen biologikoa aztertuaz hasi genuen, berauen egur ekoizpena bereziki. Gero, era honetako basoak zenbatean eta nun ditugun landatuak ikusi dugu. Konifero espezie bakoitzaren nundik norako horretan, radiata pinuaren beherako bilakaaera ikusiaz. Lehen egun honetako hirugarren jarduna, konifero egur merkatua nola aukitzen den eta izan dezakeen bilakaera aztertuaz burutu dugu. Amaitzeko, hizlariak mahai inguru batean batu ditugu gai horietan oraindik gehiago sakontzeko.

Bigarren egunean espezie konkretu batzuen basogintza eta egur erabilpena izan da hizpide: Criptomeria, Sekuoia, Zedroa eta Itsas pinua. Izan ere, hauek dira egun euskal isuri atlantiarrean gehien landatzen gabiltzan konifero espezieak. Bakoitzetik, sakon eta luze, berauen berri eman digun aditu bana etorri da. Badirudi, lau espezieak euskal isurialde kantauriarrean egoki garatzeko aukera izan dezaketela eta egur merkatura balio handiko ekoizpena eskaintzeko potentziala ere badakartela. Irtenbide on izan dakizkigu.

Bai bertatik bertara hitzaldiak jarraitzera etorrita naiz on line jarraitzen zebiltzan partaideen ekarpena oso aktiboa izan da. Hala, ageriko gelditu da landutako gai hauek pizten duten interesa eta gizarteak alor honetan lan egin dadin duen premia.